Heldu den abuztuaren 10an, San Lorentzo
egunez, Iruña Taldeak ingurutxo berria aurkeztuko du izen bereko
karrikako festen ospakizunetan. Arratsaldeko 18:45ean Errekoletak plazan,
urtero ohikoa den emanaldian.
San
Lorentzo Karrikako besta
Jakina da Iruñean jai eta ospakizun andana
ditugula. Auzoetako jaiak, SanFerminak, inauteriak, San Saturnino eguna… Baina
hauen guztien artean bada berezia den bat, guretzat bederen: San Lorentzo
karrikako besta. Izen bereko santuaren omenezko egunean, Abuztuaren 10an
alegia, ospatzen dena. Egun bakarreko jaia izanda ere leku bat du iruindarron
Uda parteko agendan.
Iruña
Taldea dantza
taldeko egoitza San Lorentzo karrikan egonik, taldearentzat betidanik
egun berezia da eta urtero arratsaldean emanal
dia eskaini izan du. Hiru
hamarkadatik goiti ospatu den karrika honetako jaietan beti izan da Iruña
Taldea, Euskal Herri osoko dantza tradizioa zabalduz Errekoletak plazako
emanaldian.
Aurrekariak
1997an taldearen 25. urtemugaren
ospakizunetarako taldeko dantzari ohi batzuk Danzante taldea osatu eta
San Lorentzoko dantzak sortu zituzten. XII-XII. mendeetan ohikoagoak ziren Danzante
kofradien antzera diardute egun. Orduz geroztik festek badute berezko dantza
ziklo bat eta etenik gabe San Lorentzo egunean plazaratzen dituzte.
Jakina da San Lorentzo egunak izan zuela
berezko dantza bat aspaldian. Mende batzuk lehenago (eta gaurtik ez oso urruti
arte) Iruñeko Arrotxapea auzoko festak ere data beretsuetan eta santu beraren
omenez ospatzen baitziren. Garai haietan oso zabaldua zegoen Iruñerrian
festetarako maiordomoak edo neska-mutil nagusiak izendatzeko ohitura. Beste
arduren artean, festen hasierako dantzan buru izateko ohorea eta ardura ere
bazuten. Dantza hura ingurutxoa, soka-dantza, larrain-dantza, dantza-luzea edo
nolakoa izanen zen ez dakigu. Baina badakigu egun horretan dantza sozial bat egiteko
ohitura zegoela Iruñean.
Hori aski ongi dokumentatua geratu da
Bernardo Apesteguia Domaicak idatziriko “Historia de las Mecetas de un barrio”
liburuan. Arrotxapeko dantzaldia Arriasko plazan egiten zen. Errellenoa eta
piper-opilak zientoka jaten omen zituzten eta musikariek jotzeko tokia ere
piper-opilez apaindu ei zuten.
SAN
LORENTZOKO INGURUTXOA
Arrotxapeko dantzaldi horri jarraiki, eta
San Lorentzo karrikako besta jendetsua eta parte hartze handikoa izaki, egun
honetarako Ingurutxo bat sortzeko ideia burura eraman du Iruña Taldeak.
Iruñeak bertako dantza gutxi ditu egun.
Azken hamarkadetan sortutakoei, San Lorentzo bestarako XXI. mendeko dantza
soziala gehitu nahi izan dugu gure ekarpen honekin.
Dantza hori egiten zenaren testigantza
jasotzea izan da gure sorkuntzaren abiapuntua. Herri dantza bat sortzea izan da
helburu eta hori da Abuztuaren 10an aurkeztuko duguna. Musiken sortzaile
Aitor Urkiza txistularia izan dugu eta jantzien sorkuntzan jo eta su aritu dena
HARI&ARI-ko Aiora Ganuza.
Egungo dantza berria izanik, genero
bereizketarik gabeko dantza sortzen ahalegindu gara, bai bikoteen osaketan,
jantzietan edota dantzan bertan ere.
Urtero Ingurutxoa plazaratuko dugu,
gorputzek, ideiek edota garai berriek bazter batera botatzen gaituzten arte.
Dantzak biziak behar dute izan. Bizi luzea San Lorentzoko Ingurutxoari!
Abuztuaren 10an, 18:45ean Errekoletak
plazan.
Denak
gonbidatuta zaudete.