Iker Larunbe Atarrabiako dantzari gaztea da. 28 urterekin bi bider irabazi du Gipuzkoar Aurresku Txapelketa. Abenduaren 28an eraman zuten Tomas Murua trofeoa bere herriko udalera eta txapelketa hirugarrenekoz jarraian irabaziko balu, bertan geratuko litzateke betiko. Orain 13 bat urte Mikelatsen eman zituen bere lehenbiziko urratsak dantzan, baina beste taldetan ere ibili izandu da: Izeian eta Nahia dantza konpainian. Azkeneko honetan bederatzi urte daramatza eta bertako zuzendari Jesus Mª Garateri aunitz dio eskertzeko, besteak beste bere aholkuari jarraiki hasi baitzen aurresku txapelketetan. Nahiko lanpeturik badabil ere, tartetxo bat hartu du bere ordenagailuaren aitzinean paratu eta Internet bidez gure galderei erantzuteko.
Noiztik daramazu aurresku txapelketan parte-hartzen?
2003garren urtetik 2008an izan ezik.
Nolatan hasi zinen horrelako txapelketetan dantzan?
Nahia dantza konpainian hasi nintzenean Jesus Mª Garate zuzendariak animatu eta prestatu ninduen. Gaur egun akatsak zuzentzen dizkidan pertsona da.
Euskadiko XXX. Gipuzkoar Aurresku Txapelketa irabazi duzu eta iaz ere garaile izan zinen txapelketa honetan. Atarrabiara txapeldun itzuliko zinela uste zenuen?
Egia esan ez nuen pentsatzen berriro lortuko nuenik, baina garaile atera nintzenean asko poztu nintzen.
Lehenbiziko aldia da nafar batek horrelakorik lortzen duenik. Nola sentitzen da Euskadiko Gipuzkoar Aurresku txapeldun nafar bat? Azken finean, Atarrabiako ordezkari ez ezik, Nafarroako ordezkari ere izenda zaitzakegu, ezta?
Irabazlea izatea beti ohore bat da, baina gainera lehen nafarra izateak hobeto sentiarazten nau. Eta bai, Nafarroako ordezkari bezala ere joaten naiz, besterik ez delako aurkezten.
Mikelats dantza taldean ere kontent eta harro izanen dira aurresku txapelduna haien artean izanik.
Bai, ala esan didate, eta gainera asko animatu naute beti.
Hainbat sari eman dizkizute txapelketa irabazteagatik, zein duzu begikoen?
Txapela eta gerrikoa noski, dantzari bezala irabazi dudala frogatzen duena, azken finean kopa eta domina edozein txapelketa motako sariak dira. Eta nola ez Tomas Murua trofeoa.
Parte-hartzaileek Puntamotz, Eskua aldatzeko soinua, Kontrapasa eta Aurkez aurke dantzak eskaini behar izan zenituzten. Zeinetan izan zinen erosoen?
Kontrapasan. Urtean zehar gehien dantzatzen dudana da, ezkontzetan eta abarretan, eta horregatik lasaiago nengoen.
Oro har ongi ikusi al zenuen zure burua Pasai Donibaneko Kiroldegian?
Ez nahi izan nuen moduan. Pixka bat gaixorik nenbilen eta ez nintzen nire %100ean egon, baina saiatu nintzen dena ematen eta azkenean lortu nuen.
Hala ere, txapelketa bat ez da egun bakarrean irabazten eta horrek badu gibelean lan handia. Nola joan zen txapelketarako prestaketa?
Eguneroko lana dela uste dut nik. Urtean zehar astean hiru egunetan entsaiatzen dut eta txapelketa hurbil dagoenean aste osoa ematen dut txapelketako dantzak prestatzen.
Heldu den urtean parte-hartzeko gogoekin izanen zara seguruenik.
Bai, trofeoa defendatzen saiatuko naiz.
Jadanik esan dezakegu txapelketetan ohikoa zarela. Nola deskribatuko zenuke Euskadiko Gipuzkoar Aurresku Txapelketa?
Maila handiko txapelketa dela esango nuke, baina era berean oso familiarra. Taularen atzean, beroketen eta urdurien artean brometarako lekua ere bada eta lagun asko egiten dira.
Aurten ere Atarrabiako Udalean izanen da Tomas Murua Trofeoa heldu den ediziora arte. Heldu den urtean ere bertan ikusiko al dugu? Hala izatekotan betiko geratuko litzateke.
Hala izatea espero dut eta hori lortzeko lan egingo dut, asko gustatuko litzaidake eta.
Eta ez bada horrela suertatzen, gai ikusten al duzu zure burua aurresku txapelketa bost bider (txandaka) irabazteko?
Datorren urtean zer gertatzen den ikustera itxaron beharko dugu, eta gertatzen denarekin pentsatu egingo dut.
Urte berria hemen dugu eta ohikoa da gure buruak borondate onez berotzea. Zer asmo 2011rako?
Ez dut oraindik pentsatu baina aurten bezain ongi badoa dena ez naiz kexatuko.
MOTZEAN:
Adina: 28 urte.
Kolore bat: Gorria.
Dantza bat: Otsagabia.
Dantzari bat: Ibon Uharte.
Esaldi bat: Absurdoaren bidean saiatzen denak soilik lortzen du ezinezkoa- Quien no intenta lo absurdo no consigue lo imposible.
Pertsonaia bat: Juan Tamariz.
Olentzerok ekarritakoa: Arropa.
Doinu bat: Pachelbelen Canona.
Mendia ala itsasoa: Mendia.
Hanka altxatu edo lurretik dantza: Biak elkarrekin.
Ttikitako ametsa: Magoa izate