Duguna dantza taldearen aspaldiko asmoa zen Iruñerako dantza propio batzuk sortzea. 1949. urtetik hona, taldearen eginkizunen artean dago hiriko dantzatzea. Dokumentazio, hausnarketa, azterketa eta sortze lanean aritu ondoren, 2009ko San Fermin txikiko jaietan estreinatuko dugun Iruñeko Ezpata-dantza izanen da.
Irailak 27, Aldapako San Fermin:
11:30 - Errotxapeako zubian: Bandera arbola eta kortejoaren irteera
12:15 - Aldapako San Ferminen elizatik: Aldapako San Ferminen prozesioa
13:15 - Udal plazan: Iruñeko Ezpata-dantza
Dantza tradizio aberatseko hiria
Iruñeko ospakizunetan dantzarien lehen erreferentzia idatzia 1556. urtekoa da. Urte horretako San Ferminetan parte hartu zuen dantzari talde bati egindako ordainketaren aipamena da. Data horretatik aurrera eta XVI mende osoan zehar dantzariekin egindako akordio eta ordainketak behin eta berriz azaltzen dira Iruñeko udalaren artxibategian. Gauza bera gertatuko da hurrengo mendeetan ere, dantzei buruzko xehetasunak oraindik ere zehatzagoak izanen direlarik. Horrela jakin dezakegu besteak beste, San Fermin edo San Fermin txiki egunerako dantzak prestatzen zituztela garaiko dantza maisuek espreski edo ohikoak zirela makila-dantzak, makil eta brokelekin egindako dantzak, makil luzeekin egindakoak, arku-dantzak, zinta-dantzak, baita ezpata motz zein luzeekin egindako dantzak ere. Azken hauek, ezpata luzeekin egindako dantzak, 20 lagunetik gorako dantzari multzoekin osatzen ziren. Hauek ohikoak izaten ziren Corpus egunean, besteak beste.
Dantzarien parte-hartzea Iruñeko zeremonialetan nabarmen egin zuen behera XIX. mendean, harik eta XX. mendearen erdialdera Iruñeko udalak, Iruñean izandako dantza-tradizioaz jakitun, Udal dantzari taldea sortu zuen arte. Mendetako tradizio horren oinordeko sentitzen gara, horregatik, atzera begiratuz etorkizunerako proposamena egin nahi izan dugu.
Ezpata-dantza, pausoz-pauso
XXI. mendeko dantza
2009. urte honetako San Fermin txikietan estreinatuko dugun Ezpata-dantza hau sortze prozesu baten ondorio da, alegia, ez da lehendik existitzen zen dantza baten berreskuraketa. Sorkuntza berria da, XXI. mendeko dantza, baina aldi berean, erabat tradizionala izatea nahi genuke, gure ezaugarri kulturalekin bat egiten duten gizartetan bizirik dirauten adierazpen tradizionalekin bat eginez. Dantza tradizionalak hartu ditugu jarraibide, beraz, baina tradizioaren ikuspegi dinamikoa jarraituz. Dantza bizia sortu nahi izan dugu, tradizioa bera den bezalakoa. Tradizioa prozesu dinamikoa da, gizarte belaunaldien arteko lotura egiten duena, eta gure aurrekoen ondare kulturalaren transmisioa bermatzeaz gain, belaunaldi berrien izaera integratzen duena.
Dantzarien dantza
XXI. mendeko dantzariak gara eta XXI. mendean sortutako dantza dugu Iruñeko Ezpata-dantza. Hartara, gaur egungo baloreekin bat eginen duen dantza bat sortu nahi izan dugu. Genero bereizketarik gabeko dantza tradizionala izanen da Iruñeko Ezpata-dantza. Bertan dantzariek parte hartuko dute, neskak eta mutilak berdin, haien meritu eta abileziaren arabera, generoaren araberako bereizketarik gabe.
Dantzak
Iruñeko Ezpata-dantza honako dantzek osatuko dute:
Bandera arbola
Banderaren azpiko korrikaldia
Biribilketa
Tropelaren zortzikoa
Kapitainen zortzikoa
Ezpata-dantza
Buruzagiaren eta zerbitzariaren arteko zortzikoa
Nafarroan ez dugu ezpatekin egiten diren ezpata-dantzen erreferentzia bizirik. Baina, aurrerago ikusiko dugun moduan, askotan ezpata horiek beste tresna batzuengatik ordezkatuak izan dira. Lesakan dugu adibiderik argiena. Zinta zuri-gorriz ornitutako makilekin dantzatzen badira ere, koreografiari begiratuta, ezpata-dantzen multzoan sailka ditzakegu uztailaren 7an San Ferminen omenez Lesakan dantzatzen diren dantzak. Bandera arbola ere egiten dute bertan. Iruñean, San Fermineko prozesioan langileen gremio bakoitzak bere bandera zeraman XVIII. mendean eta hiriko banderari agurra egiten zioten une jakin batean. Ezpata-dantzekin lotuta agertu izan dira ikurrin dantzak eta horregatik barneratu dugu Bandera-arbola Iruñeko ezpata-dantzan.
Jantziak
Koreografiekin egin dugun moduan, jantzi berriak sortu ditugu ezpata-dantzarako, baina gisa honetako dantzetan erabili izan diren eta erabiltzen diren jantzietan oinarrituta. Iruñeko XVI-XVII-XVIII. mendeetako danzanteei buruzko informazio ezberdinetan topatzen dugu, zuriz jazten zirela normalean, gona motzak zeramatzatela batzuetan - Valentziatik zetozen danzanteen eraginez. Kolore zuriko arropa hartu dugu jantziaren oinarri: alkandora, galtza motza, galtzerdiak eta gona motza. Bularraldean zintak eta eskapularioak eramenen dituzte dantzariek. Zangoetarako zintzarriak ere hartu ditugu apaingarri. Azkenik, Iruñeko Ezpata-dantzaren janzkeran bereizgarri izan daitekeen buruko kaska erantsi diogu jantziari. Gisa honetako kapela loredunak hainbat eta hainbat dantza tradizionaletan ikusten ahal ditugu, bai Euskal Herrian, baita Euskal Herritik kanpo ere.
Ibilbidea
Kortejoa Errotxapeako zubitik aterako da. Bertan banderaren dantza eginen dugu. Horren ostetik ezpata-dantzarien taldea Santo Domingo kaletik igo eta bertan dagoen San Ferminen irudiari dantzatuko diote Kapitainek. Aldapako San Ferminen elizara abiatuko da segidan tropela, San Ferminen irudia atetik ateratzean Kapitainek dantza eginen diote berriz. Kortejoak prozesioan parte hartuko du, bukaeran San Ferminen irudiari arkua eginen diotelarik dantzariek.
Prozesioa bukatzearekin ez da amaitzen dantzarien lana. Udal plazara abiatuko da taldea eta bertan eginen dute Ezpata-dantza. Dantzariek buruzagiaren lepo inguruan ehunduko dute arrosa eta honen ondotik buruzagia arrosaren gainean lurretik altsatua izanen da, berriz ere banderaren dantza egiten den bitartean. Horren ondotik Kapitainek haien hirugarren zortzikoa dantzatuko dute.
Dantza taldearen egoitzara abiatuko da kortejoa azkenik, Buruzagiaren eta Zerbitzariaren arteko zortzikoarekin amaituko delarik eguneko jarduna.
Nafarroako Dantzarien Biltzarra, Euskal Dantza eta Folklorearen alde lan egiten duen elkarte bat da. La Federación de Dantzaris de Navarra es una Asociación en pro de la Danza tradicional y Folclore. Kontaktua: nafarroakoedb@hotmail.com
NAFARROAKO DANTZARIEN BILTZARRAren WEB BERRIA- NUEVA PAGUINA WEB DE NAFARROAKOA DANTZARIEN BILTZARRA
OHARRA!! Jakinarazten dizuegu 2023ko irailaren 1etik aurrera. Paguina honek ez du jarduerarik izango. WEB PAGUINA berria dugu!! WEBG...
-
En el año 1969 se estrenaba en el Teatro María Eugenia, en San Sebastián, la recreación, con idéntica letra y melodía, de una vieja danza de...
-
En Lizarra nunca falta “ La Era ”, “ Larraindantza ”. Los grupos de danzas de Estella-Lizarra, entre ellos ” Larraiza ”, bailan una de las d...
-
NAFARROAKO DANTZARIEN BILTZARRAren WEB BERRIA- NUEVA PAGUINA WEB DE NAFARROAKOA DANTZARIEN BILTZARRAOHARRA!! Jakinarazten dizuegu 2023ko irailaren 1etik aurrera. Paguina honek ez du jarduerarik izango. WEB PAGUINA berria dugu!! WEBG...