2010/05/20

Maskarada Iruñan



Datorren maiatzaren 22an, larunbata, Larraineko gazteakaurtengo azken Maskarada eskainiko dute Iruñean. Ohi denbezala goizean barrikadak eginen dira alde zaharreko kaletanzehar eta arratsaldean emanaldi nagusia Burgoen plazan. Aldez aurretik maiatzaren 20ean, osteguna, ZuberoakoMaskaradaren inguruko hitzaldia izanen da Ortzadar taldearenArrotsapeako aretoan (Maskarada zer den hobe ezagutzeko). Maskaradaren antolakuntza Ortzadarrek, Iruña taldea etaMuthiko alaiak taldeekin batera burutzen ari da.

Arraroa egiten zaigu maiatzaren buelta honetan maskaradaz aritzea, urteko lehen hilabeteetako kontua baita usadioz. Zuberoako maskaradak aurtengo azken agerraldia Iruñean eginen du Larraineko herriaren eskutik. Maiatzaren 22an Larraine Iruñean izanen da. Zuberoa Nafarroan.

Zuberoako maskarada (jatorrizkoa) sekula izan gabea da Nafarroan. Baionan eta Oreretan, adibidez, izana da, eta bestetik, gainerako emankizunak beste tokitako eta herrialdeetako taldeek emanak dira. Gainera, maiz, Zuberoara joateak sortzen duen nagikeria sumatu izan dugu hainbatengan, bide luzea da haraino, portuak tartean... eta euskal lurren arteko loturak ez dira espresuki geure administrazioak hobetzen ari direnak; Iruñetik Madrilera aiseago eta azkarrago joan zaitezke Iruñetik Maulera baino. Lotura naturalak galtzen ari gara eta arrotzak indartzen.

Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak, kulturaren gaineko ardurak mugituta, hainbat ildotako lanak gauzatzen ditu aspaldidanik. Dantza eta musika eguneroko jarduera dituen arren, folklorearen beraren ikerkuntza, suspertzea, ezagutza eta aitortza ditu helburu nagusiak bere hastapenetik. Hori hala izaki, Zuberoako maskarada beste eskenatoki batean agertzeko eta jendearengana beste nolabait hurbiltzeko erronkari aurre egin dio. Maskaradak bere testuinguru naturala du, aldaezina, ezin uka. Baina oraingo honetan, egun jakin batez euskaldunon hiriburuko kaleetan barna arituko da, goizean barrikadak eta arratsaldean antzerki saioa.

Hegoaldean, oro har, “edalontziaren dantza” gisa sinplifikatu da maskaradaren (zehazki Zuberoako dantzaren) mamia. Harrigarria da nola akrobazia horrek arreta guztia hartu duen inguratzen duen elementu aberatsen osotasunari ia erreparatu gabe. Aitzina pika, Xorrotxen kantua, sorgin-guraizea, Zamaltzaina, Kabanaren predikua, ferratze-lana, ebatsitako oiloa, txirula, beltzak eta gorriak, bedeziaren lasterrak, herriko zaharren irria, kontrapas edo antrexantak, uskaz mintzatzia eta zintzür bustitzia... horiek denek (eta gehiagok) osatzen dute maskarada bat, barrikaden sinbolismotik hasi eta azken kantuaren lekukotzan buka. Maskarada da antzerkia, dantza, kantua, inauteria, poesia, herri kontakizuna... Europa osoko emankizun folkloriko aberatsenetakoa, alegia.

Norberaren gaitasunak bakarka landu eta plazaratzea areagotzen ari garen honetan, miragarria da herri-antzerkiaren arrakasta hau. Tradizioa eta modernismoa, zentzu batean, nahasten jakin dute herritarrek. Hogeita hamar bat laguneko taldea lau hilabetez herriz herri ibiltzen da igandero zaharrak eta gazteak biltzen dituen tradizio bat biziberritzen.

Eta egiazki, ikerlari askoren buruhaustea ere izan da, ez baita garbi sineste zaharren hondarrak diren, Erdi Aroko ospakizunen arrastoak, denboraren joanean eraldatutako errito sinbolikoak... Argi dagoena da metafora soziala direla gauza ororen gainetik. Maskarada inauteri besta da. Herriko gazteak bilduarazten dituen hitzordua da, mugak irekitzeko garaia, auzoa egiteko bilkura. Maskarada eta pastorala (beste adierazpide indartsua) Zuberoan harreman tresna diren gisara, kultura eta nortasunaren iraunarazle eta motor ere badira. Sekulako balioa eta indarra du horrek gizatalde batentzat, eta sarritan ez gara ohartzen. Euskara bera (Zuberoan), hein handi batean, bi kultur elementu hauei esker sustatzen eta bermatzen ari da.

Aitzitik, Frantziaren politikak aski ongi bideratu du (bere mesederako) Zuberoako bizi-baldintzen zailtasuna: industriarik eza, laborantza txikia, ekonomiaren erabateko menpekotasuna, ingelesen bakantzetako paradisu bihurtzeko arriskua... eta horrekin denarekin ere, kulturgintzan (eta kulturgintzaz) bizirik da Zuberoa.

Hitzordu berezia izanen da asteburu honetakoa. Aukera bikaina Euskal Herriko kale antzerkiaren aitzindariaz gozatzeko. Ongi etorria bedi “Monako ttipia” gurera! Zuberoko esaera zahar batek dio: “Ez da dantzaririk hobe(re)na godaletan pausatzen dena”. Zatoz tradizio hau bestela ikustera, ulertzera.

NAFARROAKO DANTZARIEN BILTZARRAren WEB BERRIA- NUEVA PAGUINA WEB DE NAFARROAKOA DANTZARIEN BILTZARRA

  OHARRA!!   Jakinarazten dizuegu 2023ko irailaren 1etik aurrera. Paguina honek ez du jarduerarik izango.   WEB PAGUINA berria dugu!!   WEBG...