2009/10/08

Aunitz bizirik, aunitz bizitzeko (Iker Tubia)

Hogeita hamabost urte dira Ortzadar Euskal Folklore Elkartea sortu zenetik, eta urtemugaren kariaz Barañaingo auditorioan ikuskizuna prestatu zuten larunbat arratsaldean. Jendez lepo zen salan, askotariko sentimenduak piztu zituzten ordu bete pasatxoan: poza, zirrara, abertzaletasuna...

Ikuskizuna handi bihurtu zuten xehetasun txikiz beterik izan zen arratsa, parasola harturik euripean mutil-dantzak, Gipuzkoako dantza bizi eta dotoreak, perkusio piezak, argi jokoak eta gaueko giro epela.

Joan bedi nire lehenengo zoriona musikariendako. Beltzez jantzirik, euskal musika tradizionala irauli eta apustu sendoa egin zuten, moldaketa ederrei esker. Ezin ahantzi nitzake kantuan ibili zirenak ere, bati baino gehiagori oilo ipurdia jarriko zioten airean dantzatzen ziren ahots ikusgarri horiek.

Dantzan ere ongi, zuzen, herrialde ezberdinetako dantzariak ere izan zirelarik haien dantzak erakusten. Itzal artean ibili ziren xiberotarrak, indarrez gipuzkoarrak eta hanka goratuz bizkaitarrak.

Belaunaldi aunitz dantzan uztartu ziren, Arantzako pausoarekin ibili ziren lau dantzariek ongi irudikatu zutenez. Sanferminetako erraldoietan izaten den melodia kaosa gogora ekarri ziguten Erriberako dantzekin, eta momentu hunkigarria izan zen dorrearen buruan Nafarroa goratu zenean, lehenagotik subiranotasunaren galera kantuz kritikatu zelarik.

Txantxa eta irriek ere izan zuten lekurik, Otsagabiako jotarekin zoratu zuten Boboa eta txistuka dantzatzen zirenak jolasean ibili ziren. Gauaren epeltasunaz gozatu genuen Urdiainera bidaiatuz eta hondarrekoz Arantzako dantzak jendearen parte-hartzea lortu zuen, txaloka dantzariak lagundu zituztelarik.

Emozio aunitz beraz Barañainen, belaunaldi aunitz dantzan zein musika tresnak jotzen, egun aunitzetako lan gogorraren emaitza auditorioan. Lan bikaina, Ortzadar: segi bide horretan. Aunitz urtez!

__

NAFARROAKO DANTZARIEN BILTZARRAren WEB BERRIA- NUEVA PAGUINA WEB DE NAFARROAKOA DANTZARIEN BILTZARRA

  OHARRA!!   Jakinarazten dizuegu 2023ko irailaren 1etik aurrera. Paguina honek ez du jarduerarik izango.   WEB PAGUINA berria dugu!!   WEBG...