2011/02/23

Hostoak ikusgarria Iruñean izanen da larunbatean

Kukai dantza konpainia, Oreka TX eta Amaren Alabak biltzen dituen ikuskizuna Gayarre antzokira helduko da larunbatean. 20:00etan hasiko da Hostoak ikusgarria eta musika, ahotsa eta dantza uztartuko ditu, zuzeneko irudiekin batera. Ordu eta erdi inguru irauten duen lan honek 20 lagun bilduko ditu taula gainean.


Tradizioari beste ikuspegi bat emateko prest daude ikusgarrian bildutako hiru taldeak, berrikuntzari hauspo emanez. “Guztiok gatoz euskal kulturatik edo tradiziotik, baina bakoitzak proposamen moderno edo garaikideagoetarantz eboluzionatu dugu nolabait”, azaldu du Igor Otxoa zuzendari eta Oreka TX-eko kideak. Otxoarekin batera ibili da Mireia Gabilondo zuzendaritza lanetan eta orain fruituak jasotzeko tenorea da.


Musikariak Otxoa eta Mikel Ugarte (txalaparta, tutuak, bidoiak eta tututofonoa), Mixel Ducau (alboka, saxoa, klarinetea), Juanjo Otxandorena (bouzoukia) eta Iñigo Egia (perkusioa) izanen dira, Harkaitz Martinez de San Vicenteren gidaritzapean. Ahotsa, berriz, Iriart, Graxi eta Maider Bedaxagar, Luxi Agergarai, Arantxa Camus eta Maika Etxekopar emazteen esku egonen da. Dantza koreografiak Jon Maiaren zuzendaritza izan dute eta Alain Maia, Urko Mitxelena, Eneko Gil, Vanesa Castaño eta Nerea Vesgaren urratsak izanen ditu lagun.


Joan den larunbatean estreinatu zen Hostoak Donostian eta orain Euskal Herriko hiriburuetan taularatuko dute. Baionan izanen dira hilaren 25ean eta ondotik Iruñeko Gayarren. Martxoan, berriz, Bilbon eta Gasteizen izanen dira, 16an eta 31an hurrenez hurren. Donibane Garazin abuztuaren 11an eskainiko dute ikusgarria eta urriaren 1.an Maulen. Beste herri batzuetara joateko asmoa ere badute, baita atzerrira ere. “Ikuskizunak herri honetako dantzaren, musikaren eta kantuaren alor garrantzitsu bat islatzen duela uste dugu, eta kanpoan ere interesgarria gerta daitekeela”, esan du Otxoak.


NAFARROAKO DANTZARIEN BILTZARRAren WEB BERRIA- NUEVA PAGUINA WEB DE NAFARROAKOA DANTZARIEN BILTZARRA

  OHARRA!!   Jakinarazten dizuegu 2023ko irailaren 1etik aurrera. Paguina honek ez du jarduerarik izango.   WEB PAGUINA berria dugu!!   WEBG...