2010/08/22

Nafarroako jantzietako erakusketa- Exposición trajes


Nafarroako dantza eta jaietako jantziak ikusgai Zuloaga Etxean
Erakusketa Irungo Kemen Dantza Taldeak antolatu du. Besteen artean, Lantz, Erribera, Arizkun, Otsagabia, Urdiain, Auritz eta Lesakako jantziak ikus daitezke
Erriberako makil-dantzak, Lantzeko inauteriak eta Arizkungo dantzak gure herrira iritsi dira Irungo Kemen Dantza Taldearen eskutik. Hurrengo igandera arte, Nafarroako hainbat jai eta dantzen jantziak ikus daitezke Zuloaga Etxeko beheko pisuan.

Lehenengo aldia da Kemenek orain arte egindako ikuskizunetan erabilitako jantziekin horrelako erakusteta antolatzen duela. Egunero taldeko bi kidek zaintza egin behar dute eta gaur Denis eta Mikeli tokatu zaie. Bigarrenak dio «jantziak ikustean oroitzapen asko ditut egindako jaialdietan erabili ditugulako».
Dantzari boluntarioek erakusketari buruz azalpenak ematen dituzte eta, turista asko sartzen direnez, mota guztietako galderak ere erantzun behar izaten dituzte. Turismo bulegoaren kokapena da gehien errepikatzen den kontsulta.
Harrera oso ona
Jendea Kale Nagusitik pasa ahala animatzen ari da erakusketa ikustera sartzera eta joan den asteko egun bakar batean mila lagun baino gehiagok ikusi zituzten jantziak. Gehienak turistak dira, frantsesak, madrildarrak, katalanak eta baita Euskal Herrikoak ere.
Batzuek argazkiak egiten dituzte, besteek lau hizkuntzetan dauden panelak irakurtzen dituzte baina denak harrituak gelditzen dira eta hitz onak bakarrik dituzte. Manuel Bartzelonakoa da eta «jantzien aberastasunagatik, Nafarroa historia eta tradizio handiko herri anitza dela» uste du.
Toledon dagoen El Tobosoko talde bat txundituta dago ikusi dituzten kolore eta formekin. Batek aipatzen du Erriberako jantziek gauza komunak dituztela beraiek Gaztelan dituztenekin eta besteak esaten du «oso garrantzitsua da horrelako ondarea mantentzea» beraiek Kixotearen garaiko jantziekin egiten duten bezala.
Kanpotarrez gain, hemengoak ere harritzen dira ikusitakoarekin. Mertxe Gasteizkoa da eta ez zekien «Nafarroan hainbeste tradizio eta dantza zegoenik».
Lesakatik Erriberara
Erakustaldian Nafarroako hamaika herrietatik egiten da ibilbidea. Ikus daitezken jantziak Lesakako San Fermin, Luzaide Bolant Eguna, Otsagabiako Muskilda Eguna, Urdiaingo udako solstizioa, Arizkungo Sagar Dantza, Auritzgo dantzak, Jaurrietako Axuri-Beltza, Lantzeko eta Altsasuko inauteria eta Cortes eta Murchanteko makil-dantzakoak dira.
DATUAK
Erakusketa: Nafarroako dantza, tradizio eta jaien jantziak.
Datak: Abuztuaren 29ra arte.
Ordutegia: Astelehenetik igandera, goizeko 9:30etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:30etara.
Lekua: Zuloaga Etxeko beheko pisuan (Kale Nagusia, 8). Hondarrribia
Ikusteko: Otsagabia, Urdiain, Luzaide, Auritz, Cortes, Murchante, Lantz, Lesaka, Arizkun, Jaurrieta eta Altsasuko jantziak.

NAFARROAKO DANTZARIEN BILTZARRAren WEB BERRIA- NUEVA PAGUINA WEB DE NAFARROAKOA DANTZARIEN BILTZARRA

  OHARRA!!   Jakinarazten dizuegu 2023ko irailaren 1etik aurrera. Paguina honek ez du jarduerarik izango.   WEB PAGUINA berria dugu!!   WEBG...