Ekitaldi nagusian ezpata dantza, agurra eta zinta dantza eginen dute gipuzkoarrek, Orbaizetako joko dantza eta Auritzeko ingurutxoa nafarrek, dantzari dantza eta gorulariak bizkaitarrek, soka dantza, euskaldunak, sorginak eta kadrila baxenafartarrek, ahurtiko makil dantza, makil txiki berri eta Beteluren fandangoa lapurtarrek eta barrikada arribada, ostalersa, satanak, aitzina pika eta godalet dantza zuberotarrek. Arabarrek ez dute parte hartuko aurtengo Dantzari Egunean.
Egitaraua, baina, ez da igandera mugatzen, larunbatean hasiko baita ospakizuna. Goizean dantzari ttikien alardea eginen da Astrabuduan. Bertan Goi-Alde, Trabudu eta Uztargi dantza taldeek parte hartuko dute. Arratsaldean, berriz, dantza emanaldia eskeiniko dute dantzari nagusiek Altzagako merkatuan.
Giroa apiriletik
Euskal Herriko Dantzari Eguna iragartzeko kartelez gain, erakusketek ere paratu dute giroa Bizkaian. Apirilaren 15etik Astrabudua eta Altzagako komertzioetan euskal jantziak ikus daitezke. Honekin batera, Iraultza dantza taldeko Ramon Garciaren jantzi bilduma erakusgai dago Josu Murueta kultur etxean. Azken honetan izanen da 'Euskal folklore eta jantziak' hitzaldi-tailerra.
Dantzari Eguna dela eta Euskal Dantzarien Biltzarreko presidente Xabier Mendizabali elkarrizketa egin dio Deia egunkariak. Erdaraz irakur daiteke.